Banatzailea

Banatzailea Eguzki Bideoak taldearen esperimentua da: lan eremu txiki bat, independentea eta asanblearioa. Autonomia, pausuz pausu eraikia.
Autoikaskuntzarako eta autokudeaketarako eremua da, lantokia baino zerbait gehiago. Politika eta bizitzaren zentraltasuna lortzea eguneroko borroka den garai batean dago kokatua proiektua. Bizitza, lana eta politika batu eta nahastuko diren antolakuntza- eta ekonomia-proposamena izan nahiko luke. Pausu eta galdera bakoitzean eraiki eta desegiten da proiektuan.
Banaketaren irizpideak

Komunikabide orok ditu tratamenduaren marra gorriak, berdin egunkariek, irratiek, telebistek zein webguneek. Zinbelak izaten ahalegintzen garen arren, geuk ere baldintza materialak ditugu. Ez ditugu aukerak alde batera uzten alderdiren batek ez badu gure pentsaerarekin bat egiten. Nahiago dugu lanak oro har aztertu eta kontakizunei garrantzia ematea. Dokumentalen kontzepzio eta garapenarekin intrantsigentzia handitu eta zeruen jabe egiteko guraria zabaldu nahi dugu.
Ez gara banatzaile arruntak, gure irizpideak ez dira industriarenak. Parametro politikoen arabera ezartzen ditugu ekoizpen bideak; ikus-entzuneko lanen alde ikusezinari ematen diogu balioa. Gero eta ekoizpen molde izan orduan eta edukiak gero eta erradikalagoak izango direla uste dugu... bideak direlako helburua.
Egiletza. Zentzu zabalean eta ikuspegi indibidualistaren aurrean lanaren talde izaera nabarmendu nahi dugu. Ez dago aurrez beste norbaitena izan ez den ideiarik, ez dago norbanakoaren sorkuntza posiblerik. Horregatik dira bereziki interesgarriak taldean egindako lanak: bakarkako sortzailearen dinamika hausten dute. Gestio erakundeen eta Sinde-Hadopi legeen munduari erresistentzia txikia.
Ekimena. Pertsonek, talde politiko edo sozialek eta ez enpresek sortu eta gorpuztutako proiektuak. Ekoiztetxeek sortutako dokumentalak jasoko ditugu kontaturiko istorioak mereziko balu.
Autonomia. Autonomia ekonomikoa izatea dokumentalen banaketa eta hedapenerako giltzarrietarik bat da. Ekoiztetxeekin sinatutako zenbait kontratuk egileen eskubide galera izaten dute eta epe luzera diru-laguntzen menpe bizitzea sor dezakete.
Edizioa. Askatasunen aldeko apustuan software librearekin ekoiztutako ikus-entzuneko lanen alde egiten dugu. Bideoaren edizioa (Cinelerra, Avidemux, Kdenlive, Kino, VirtualDub, OpenShot...) eta soinuaren edizioa hala lantzen dugu (Ardour, Audacity, Ecasound, Jokosher, MusE, Rosegarden, Sweep...).

Lizentzia. Ikus-entzuneko zein bestelako sorkuntza lanen defentsak hedatze unibertsalari lotuta doa. Banaketa eta hedatze libreak ahalbidetzen dituzten lizentzia libreetako dokumentalak eskaintzen ditugu. Creative Commonsaren aldeko hautua egin dugu eta helburu bera duten bestelako lizentziak babesten ditugu.
Diru iturriak. Dokumentala den tresna politikoaren zirkulua isteko jasotako dirua dagokion lekura bueltatu behar da – protagonistengana edo borrokak kontatzen dituztenengana. Hau da gure helburu nagusietako bat.
Prezio eskuragarriak. Dokumentalak interneten ikusgai egin arren, garrantzitsua iruditzen zaigu DVDen prezioa ere justua izatea, batzuetan garestia dela irudi badezake ere. Ekoizpen prozesuari garrantzia eman eta amaierako prezioaren arteko oreka bilatzen dugu, errealitate ezberdinentzat eskuragarria izan dadin.
Banaketa. Dokumentalak gune publiko edo sozialetan edo interneten ikusgai egonagatik ere, ez diogu uko egiten industriaren ustiapen komertzialaren erritmoari (jaialdiak, zinemak, telebistak, DVDak eta internet). Funtsezkoa da industriak eskaintzen dituenak baino banaketa sare justuagoak defendatzea.
Emanaldiak. Gizartetxe, ateneo, kulturetxe, kultur elkarte edo filmoteketan antolatutako ekimen politikoetako erdigunea izan daiteke dokumentaletan kontatutakoa. Berdin txerta daiteke ziklo, jardunaldi edo hitzaldien baitan. Gure helmuga dokumentalekin gatazkei buruz pentsatu eta eztabaidatzea da.
Eleanitza. Dokumentalen eta haien istorioen eskuragarritasunerako ezinbestekoa da hizkuntza ezberdinetan izatea: ingelesa, frantsesa, galiziera, katalana, espainiera, euskara edo alemana.
Irizpide hauek kontuan harturik ekoizpen prozesua islatzen duen fitxa txiki bat eratu dugu. Horretarako honako etiketak erabiliko ditugu:







